Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia eta Aranzadi Zientzia Elkarteagaz batera, "Gautegiz Arteaga 1936 – 1945 Giza Eskubideen zapalketa  eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko garaian" monografikoa argitaratu dau.  Garai hartan bizi izandakoa, oroitzapenak, dokumentuak edota testigantzak ahaztetik ataratzea da helburua, herriko memoria historikoa berreskuratu eta gordetzeko.

"Liburu honegaz geure herriko memoria historikoa ikertzeko eta berreskuratzeko proiektuari amaiera emoten deutsagu, baina aurrerapausu bat emoten dogu be.  Geure seme-alabek eta ilobek garai latz haietan gertatuakoa ezagutzea bermatzen dogu, geure eskubideak aldarrikatzen doguz, geure guraso, izeko-osabek, aitite-amumek... jasan izandako gertaera traumatikoak zalatzen doguz. Aurrera jarraitzeko euren adorea eskertzeko modu bat da eta euren idealak defendatzeagatik bizia galdu ebeenak edota guztia galdu ebeenak gogoratzeko modu bat da.  Hauen memoriak garena egiten gaitu. Eurek dira eta gara Gautegiz Arteaga." adierazi dau Gautegiz Arteagako alkateak, Juan Felix Naberanek.
Aranzadi Zientzia Elkarteak garatu dau ikerketa lan hau, 2015ean martxan jarritakoa. Gerra Zibilan eta lehen Frankismoan (1936-1945) Gautegiz Arteagan gertatutakoa ezagutzea izan da helburua.

Ikerketa lan honetan Aranzadik errepresioa izan dau hizpide, Gautegiz Arteagan gerra eta Frankismoaren errepresioa zeintzuk pairatu ebeen jakiteko helburuagaz, hain zuzen be. Horretarako, giza eskubideen defentsan funtsezkoak diren 3 ardatz kontuan hartu dira: Egia, justizia eta erreparazioa. Aranzadi Zientzia Elkarteak honela metodologia zientifikoaren bidez egia bilatzen dau.
Horrela, 87 artiar Eusko Gudarostean edo armada errepublikanoan erroldatu eta gerrara joan zirela jakin da. Horietatik 8 Eusko Gudarosteko miliziano erail ebezan; beste hiru ordea, lehenengo armada honetan borroka egin eta gero gudaroste altxatuan mobilizatuak izan ziran, ondoren hil ebezan arte.

Gainera, bonbardaketan hil ziren artiarrak 6 izan zirela egiaztatzen da:  4 Gautegizen (2 herriko bizilagunak eta beste bi Elgoibarreko errefuxiatuak) eta beste biak Gernikako bonbardaketan hil ziran.

Hori gutxi balitz, ikerketa honen arabera 46 artiar erbesteratu eta 87 gerra preso bilakatu ziran, azken hauetatik 43 militar frankistek prozesatu eta epaitu ebezelarik (33 gizonezko eta 10 emakume).

Herritarren kolaborazioa, proiekturako ezinbestekoa
Garai hura pairatu eben  9 pertsonen testigantzen bitartez bildu da informazioa. Datuak, argazkiak, dokumentuak etab. eskaini dabez bizilagun hauek. Honez gain, hainbat artxibo harakatu dira: Udal Artxiboa, Bizkaiko Artxibo Probintziala, Euskadiko Artxibo Historikoa eta estatu mailako zenbait artxibo militar.

Ikerketa proiektua bi fasetan garatu da. Lehenengo fasea 2015ean burutu zan, herritarrengandik jasotako informazioa batuz, elkarrizketak eta dokumentazioa zein testigantzen ekarpenekaz, horretarako zabaldu zan memoriaren bulegoan. Bigarren fasea liburu monografiko honen argitalpenagaz amaitzen da, honek istorio personalak eta familiarrak berregiten dauz, herriko memoria kolektiboa.  Proiekturako inbertsioa 23.549,67€koa izan da. Horretarako, Gautegiz Arteagako udalak Eusko Jaurlaritzaren babes ekonomiko nabarmena izan dau.
Gautegiz Arteagak bere historiaren alde bat berreskuratzen dau, bereziki Gerra Zibilean eta lehen frankismoan gertatu ziran Goza Eskubideen urraketa sistematikoaren sasoi traumatikoarena, haren inguruko idatzizko dokumentaziorik ia ez dago.