Albisteak

 

Asteburu honetan, irailaren 23 eta 24an, Gautegiz Arteaga koadro bizia izango da. Bertan, “Ibilaldi of Styles” ekimen berezian parte hartuko dabeen 26 kale artistek Urdaibaiko ikuspegi ezberdinak agertuko dabez graffitien bitartez. Graffiti arte erakusketarako herri ibilbidea izango da, herria zeharkatzeko gonbidapena eginez zuzen-zuzenean kale arteaz gozatzeko.

Gautegiz Arteagako Udalak eta herriko artista dan Mikel Aldekogaraik martxan jarritako ekimenak graffiti artearen sormen artistikoa sustatzearen alde egiten dau eta, bide batez, herriko gune ezberdinak erakusten dauz, bai herritarrei baita bisitariei be.
 
Ekintza hau Gautegiz Arteagarako garrantzitsuak diren osagai ezberdinak daukoz. Alde batetik, herriko artista baten eskutik datorkigu, arte graffitian eskarmentu handikoa. Graffiti-a herritar gazteen artean interes handia sortzen dauen arte plastikoen teknika da eta hauek bere herria ezagutu eta herriaz gozatzea gura dogu. Bestalde, bisitariak erakartzeko baliokoa da, Land-Art-eko lan ezberdinak ikusteko herrian bertan geratzeko aukera eskeiniz. Lan hauek herriari balio kulturala eta turistikoa gehitzen deutse” azaltzen dau Juan Felix Naberanek, Gautegiz Arteagako Alkateak. 

Zapatuan, 23, eta domekan, irailaren 24an, 11:00etatik 20:00etara, 26 kale artistek Gautegiz Arteagako kaleetan zehar agertuko dabe euren artea. Gautegiz Arteagako kaleetatik ibilbidean datza ekimena, oinarri ezberdinetan 26 graffiti artista “zuzenean” marrazten ikusteko aukera. Herriko kale artista dan Mikel Aldekogaraia izan da ekimenaren sustatzalea. Berak be antolatu eban Euskal Herriko Graffiti lehiaketa, eta honen ideia hartuta antolatu dau ekimen hau, baina lehiaketa egin barik.

26 kale artisten gehiengoak bizkaitarrak dira, baina Malaga edo Jaen bezalako herrietatik etorritakoak be badagoz. Hauek dira artistak: As11, Aspe, Azuri, Belar, Decima, Eik, Goal, Habese, Juan Sen, Keie Kero, Kzn, L.A, Mai, Mawa, Oner, Puzle, Roke, Rope, Say, Siakone Somke Signalas Studio, Sock, Uka, Wesh, Zermounoz.

Antolakuntzak herri osoan zehar prestatu dau ibilbidea eta artistek euskarri ezberdinetan marraztu beharko dabe euren Urdaibaiko ikuspegia. Hauxe da etaasteburu honetan sortuko diren lanen gai nagusia eta estiloak artistek aukeratuko dabez (errealistak, abstractoak…).

Artistek Urdaibai irudikatu beharko dabe proposatutako euskarri ezberdinetan: 10 horma, 2 boxak edo egurrezko kutxak (2x2), 2 kutxa erdiak, panelak eta cellograff teknika barriko proposamenak be. Azken honetan, celofan eta graffiti-a nahastu egiten dira, zutabe bien artean material honegaz sortutako paneletan margotuz.  

Ibilbideak Gautegiz Arteagako txoko enblematikoak zeharkatzen dauz, besteak beste, Arteagako Gaztelua edota Urdaibai Bird Center. Graffiti erakusketa ibilbide osoa 45 minututan egin daitekela estimatzen da.