Albisteak

 

Datorren domekan, urtarrilaren 26an, Gautegiz Arteagako Udalak herriko San Polikarpo jaiak ospatuko dauz. Zapatuan, hilak 25, hasiko dan jai egun honen baitan, hainbat jarduera izango dira, horien artean, familia krosa eta Kantu Kolore taldearen emanaldia.

Gautegiz Arteagak ekitaldiz beteriko asteburua biziko dau San Policarpo patroiaren eguna ospatzeko. Hilaren 25ean, zapatuan, Montorre Eskolako Gurasoen Elkarteak antolatutako familia krosa egingo da. 11:00etan da hitzordua, parkean, eta hainbat lasterketa jokatuko dira kategorien arabera: Haur Hezkuntza; Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak; Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailak; eta Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak; helduen maila da bosgarrena. Jai-egun honetako ekimen hau doakoa izango da eta garrantzitsuena parte hartzea izango da. Guztiek izango dabe saria. Familia krosean izena emoteko azken eguna urtarrilaren 21a, martitzena, da.

"San Policarpo jaiak tradizio handia dauko herrian, eta udaletxetik lan egiten dogu sentimendu hori belaunaldi barriei transmititzeko. Horregatik, haurrak izango dira protagonista asteburuan zehar antolatutako jarduera askotan" nabarmentzen dau Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek.

San Polikarpo egunaren ospakizuna, domekan, hilak 26, Meza Santuagaz hasiko da Santa Maria Eliza parrokialean. Ondoren, Artie Dantza Taldeko dantzekaz gozatuko dabe bertaratzen direnek, eta ondoren hamaiketako herrikoia eskainiko dabe Elizako arkupean. Ondoren, kalejira bat egingo da, EinGOren musikak animatuta. Gautegiz Arteagako hainbat herritar dira talde herrikoia honen partaide. Arratsaldean, 17:00etan, Kantu Kolore taldearen emonaldia izango da udal pilotalekuan. Bere dantza eta musikagaz, haur eta gaztetxoen gozamenak egingo dauz. Ekitaldi honek amaiera emongo deutso San Policarpo jaiari.