Albisteak

 

Gautegiz Arteagako udalak, euskararen aldeko konpromisoa, babesa eta defentsaren erakusle, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dau, datorren abenduaren 3an. Montorrealde Guraso Elkarteagaz batera ospakizun jardunaldia antolatu dau Graffiti tailerra, Euskaraokea eta txokolatada bat eskeiniz. 

" Gautegiz Arteaga herri euskalduna da, horregatik, gizartearen eremu guztietan euskararen normalizazioa defendatu eta babesten dogu.  Belaunaldi barriek euskaraz hazi eta, geure moduen, euskaraz bizitzearen alde egiten dogu, hau da, harrotasunez, ilusioz eta erantzukizunez euskaraz bizi", nabarmendu dau Gautegiz Arteagako alkateak, Juan Feliz Naberanek.

Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da, euskararen erabileraren alde egiteko. 1949. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen eguna ospatu zuen lehen aldiz modu ofizialean.  Gautegiz Arteagako Udala aldarrikapen egun honen ospakizunetara gehitzen da.

Horrela, Montorrealde Guraso Elkarteagaz batera, euskara ospatzeko jarduera ezberdinak antolatu dauz.  Antolatu diren ekintzak familia osoari zuzenduta dagoz. 16:00h.tik 19:00h.ra Graffiti tailerra eskeiniko da Aberasturi baserrian. Bertan, adierazpen artistikoa hizkuntza normalizazioaren alde eta partaidetzaren alde erabiliko da, artea hezkuntzarako eta gizartekotzeko tresna gisa.  Tailer honetan parte hartzeko beharrezkoa izango da izena emotea Aretxederreta Kultur Etxean abenduaren 1a baino lehen. 
Musika Euskararen egunaren protagonista izango da be bai, euskaraokeagaz, euskaraz abestu eta dantza egiteko, 19:30hetatik. 21:00etara Aretxederreta Kultur Etxean. Jardunaldiari amaiera emoteko (21:00h.-22:00h.) txokolatada izango da Herriko Tabernan.