Albisteak

 

Datorren zapatuan, azaroaren 11an, Busturialdeko Nagusien Dantzari Egunaren eszenatokia izango da Gautegiz Arteaga. Bertan, eskualdeko dantza talde ezberdinek parte hartuko dabe.  Herriko Artie Dantza Taldea da antolatzailea, Gautegiz Arteagako Udalaren laguntzagaz, eta dantzari egunaren anfitrioia izango da. Ekitaldia 18:30etan hasiko da. 

Herriko Dantza Taldearen 30 urteurrenagaz bat eginez, zapatu honetan, azaroaren 11an, Busturialdeko Nagusien Dantzari Egunaren XXXI. Edizioa ospatuko da Gautegiz Arteagan. Euskal folklore zaleentzako espektakulu ederra izango da, Euskal kulturaz gozatzeko txisturaren doinua jarraituz.

 “Geure folklorea geure nortasunaren adierazpena da. Ospakizun honen bitartez eskualdearen aberastasuna erakusten dogu baita geure ohiturei emoten deutseegun bultzada be. Belaunaldi barriei Euskal Dantzarekiko maitasuna zabaltzeko eta gozatzeko aukera ederra da. Horrela, gazteek geure kultura zabaltzeko ordezkoa har ditzaten. Artie Dantza Taldeak antolakuntza lan izugarri burutu dau eta anfitrioi ezin hobea izango da”, adierazi dau Gautegiz Arteagako alkateak, Juan Felix Naberan.

Aurton, Busturialdeko Nagusien Dantzari Egunaren XXXI edizioa ospatuko da eta Gautegiz Arteagako udal frontoia izango da aukeratutako agertokia. Bertan, eskualdeko dantza taldeek erakutsiko dabez euren dantzak, Euskal Dantzarekiko zaletasuna zabalduz.

Dantzariak 18:30etan batuko dira Kultur Etxearen inguruan, hortik frontoira zuzenduko dira kalejiran. Dantza talde bakoitzak bere erakustaldia eskeiniko dau: Bakioko Itsas Alde, Bermeoko Alkartasuna, Mundakako Egunsenti, Busturiako Irrintzi Alai, Foruko Urdaibai, Gernika-Lumoko Elai Alai, Ajangizko Artxube eta aurtongo edizioaren antolatzailea, Gautegiz Arteagako  Artie Dantza Taldea.