Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak, bertsolaritzagaz sentsibilizatua, Euskal kultura berreskuratu eta hedatzearen alde egiten dau lan, bere udal gobernuko lehentasun gisa. Konpromiso honen barne, datorren zapatuan, apirilaren 28an, udal frontoian 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarri faseko sailkapen saio bat jokatuko da.  

Datorren zapatuan Gautegiz Arteagan sei bertsolari lehiatuko dira, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren final handian leku bat izateko sailkapen fase ezberdinetan sailkatzeko asmoz. Herriko frontoia izango da txapelketaren agertokia 17:30etatik aurrera. Bertsolariak honako hauek izango dira Igor Galarza Intxausti, Iker Garitagoitia Astigarraga, Itxaso Paia Ruiz, Joseba Barandiaran Andueza, Julen Ibarguengotia Ordorika eta Maidre Brañano Uribe. 
 
Maider Barañanok lehenengoz kantatuko dau Txapelketan. Saioan gaiak ematen Leire Garatxena Larrabe ariko da. Epaimahaia, ostera, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxak, Mirari Azula Aurrekoetxeak eta Miriam Juaristi Urizarrek osatuko dute. Idazkari lanak Itziar Basterretxea Olarreagak egingo ditu.

 “Gautegiz Arteagan euskal kultura bizi egiten dogu eta belaunaldi barriek berau maitatzen ikastea gura dogu.  Betidanik egin dogu euskal ahozko literaturaren alde, bertsolaritzaren alde. Izan be, herriko eskolan bertsolaritza klaseak emotea sustatu dogu.  Bat-batekotasunaren artea euskara betikotzeko modu bat da.  Etorkizuneko belaunaldien artean geure kultura balorean jartzea eta zabaltzearen erantzukizuna geurea da", nabarmendu dau Juan Felix Naberanek, Gautegiz Arteagako Alkateak. Udabarriko fasearen ostean, udazkenekoa etorriko da. Horretan 30 bertsolarik kantatuko dabe.

Udalak ekitaldi honetan parte-hartzera animatzen dauz herritarrak, elkarrekin “ahozko arte” hontaz gozatzeko, 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarri fasearen barne. Udabarriko fasean 13 saio jokatuko dira maiatzaren 26rarte. Guztira, 78 bertsolari ariko dira kantuan lehenengo fase honetan.

Saiorako sarrerak kultur etxeko atean egongo dira salgai, egunean bertan, 17:00etatik aurrera. 3 euro balioko dau sarrerak; bazkideek 2 eurotan eskuratu ahal izango dabez; eta 16 urtetik beherakoek, dohainik.