Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak, udalerriko enpresek, ETEek eta autonomoek jasan dezaketen krisi-egoeraz jabetuta, zuzeneko laguntzak emango dauz COVID-19ren ondoriozko krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko, udalerriko jarduera ekonomikoa mantentzea eta garatzea lehentasunezkoa dalako.

Gautegiz Arteagan egoitza soziala eta udalerrian jarduera daukeen enpresek eta autonomoek, covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz diru-sarrerak eta enpleguak murriztu bazaizkie, zuzeneko diru-laguntza jaso ahal izango dabe, establezimenduak ixteak edota jarduera eteteak eragindako gastuei eta galerei aurre egin ahal izateko. Udalaren lehentasuna da merkataritza- eta enpresa-jarduerari eusten laguntzea eta tokiko ekonomia sustatzea.

Diru-laguntza horiei aurre egiteko, guztira, 20.000 euro bideratuko dira indarrean dagoen udal-aurrekontutik, eta zenbateko hori ezin izango da inola be gainditu. Erakunde bakoitzak 900 euroko diru-laguntza bakarra jaso ahal izango dau. Izapideak bitarteko telematikoen bidez egingo dira. Diru-laguntza horien kudeaketa gardentasunaren, objektibotasunaren, bardintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei lotuko jake bai eta helburuak betetzeko eraginkortasunari eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko eraginkortasunari be.
"Krisi-egoera orokorraren jakitun gara, eta gure herriko enpresa txiki eta autonomoei lagundu gura deutsagu, kaltetuenen gainean zuzenean jardunez, COVID-19k eragindako krisi ekonomikoaren eragina ahal den neurrian minimizatzeko, herriarentzat garrantzitsua baita normaltasun barrian aurrera egin ahal izatea. Negozioei eutsi ahal izatea behar dogu herritarrok, geure herriko familia ugarientzat eta ekonomiarentzat eta Gautegiz Arteagako bizitzarentzat oso garrantzitsuak baitira ", adierazi dau Juan Felix Naberan alkateak.

Beste baldintza batzuen artean, honako hauek eskatu ahal izango dabe diru-laguntza: enpresa-jarduerak Gautegiz Arteagan egiten dabezen pertsona autonomoek, mikroenpresa batek edo enpresa txiki eta ertain batzuek eta enpresa txiki eta ertainek, baldin eta egoitza fiskala udalerrian badauke eta alarma-egoeran emondako araudian xedatutako establezimendu-itxierak eragin badeutso garatzen daben jarduerari, edo, hala ez bada, enpresaren jarduerak fakturazio-murrizketa izan badau, gutxienez %50ean, egoera deklaratu aurreko seihileko naturalean egindako batez bestekoagaz alderatuta.

Deialdi honetan emoten diren diru-laguntzak bateragarriak dira helburu bererako emoten diren beste diru-laguntza batzuekaz, baina batuketa osoak ezin izango dau gainditu jardueraren diru-sarreren murrizketa, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz.

Diru-laguntzak jasotzeko eskabide-eredu normalizatua udalaren www.gautegizarteaga.com webgunean egongo da eskuragarri, eta eskaerak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izango da, deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Diru-laguntza horiek ordainketa bakarrean ordainduko dira, emondako zenbateko osoan, banku-transferentzia bidez, diru-laguntza emoteko ebazpena emoten den egunetik aurrera.

Deialdia (PDF 332KB)