Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak herriko Pelota Eskolari eta datorren domekan, martxoaren 5ean, Emakume Master Cup 2017 esku pelotaren finala jokatuko dauen pelotari gazteari emoten deutse bere babesa. Gautegiz Arteagako alkateak, Juan Felix Naberanek zera adierazi dau: " Oso harro gagoz bera bezalako pelotariak geure pelota eskolatik irtetzeaz. Gure babesa emon gura deutsagu eta geure eskolak txikitxoen arteak euskal kirola sustatzeko egiten dauen lana eskertu be. Oso lan garrantzitsua burutzen dau herria dinamizatu eta geure kirol kultura sustatu egiten dauelako, geure gazteak kirola eta aisialdi osasuntsura erakarriz".

Gautegiz Arteagako Pelota Eskolak 15 urte daroaz herriko zein inguruko neska-mutilek pelotaren kirolara hurbiltzeko aukera emoteko lan egiten. "Neska-mutil eta gazteei frontoiaren bidea erakustea, plazarako bidea, erakustea izan da beti helburua. Eskualdeko frontoirik onenetarikoa daukagu herrian, instalazio ederra da. Herritik irten barik euskal kirola praktikan jartzeko aukera ezin hobea", adierazi dau Joseba Arrizabalagak, herriko Pelota Eskolaren sortzailea.

Gaur egun 15 ume daude Gautegiz Arteagako Pelota Eskolan, 6 mutil eta 9 neska, 6 eta 13 urte bitartekoak. Gehienak Gautegiz Arteagakoak dira baina eskualdeko beste herrietatik be badaude. Neska-mutil txikitxoak eskupilotan edota palan aritzen dira.  Geroago, mutilek eskupilotara jolasten dabe eta neskak palara. Garaipenei dagokionez, besteak beste: eskola mailan, Gautegiz Arteagako Pelota Eskolako neskak Bizkaiko Txapeldunak izan dira palan Benjamin eta Alebin mailatan hainbat urtez, mutilek eskupilotan eskualde mailan txapeldunak izan dira be, eta eskolako pelotaria dan Idoia Idoiaga oraintxu izan da Euskadiko Txapelduna palan. 

Olatz, Emakume Master Cup 2017an
Eskolan bi entrenatzaile dagoz, Olatz Arrizabalaga pelotaria da hoietako bat. Olatz kirol honetan promesa da eta datorren Emakume Master Cup 2017aren esku pelota finalan parte hartuko dau elite kategorian. Emakumeen txapelketa honetan 80 bat pelotari parte hartzen dabe, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde, Nafarroa, Aragoi, Asturias, edota Kuba  eta Mexikotik, besteak beste. Finala datorren domekan izango da, martxoaren 5ean, Zornotzan, Emakume Langilearen Nazioarteko egunaren bezperan. Desafio historikoa izango da.

Olatz Arrizabalaga Gautegiz Arteagako frontoian hasi zan jolasten 6 urtegaz, herriko Pelota Eskolan. Kadete kategorian bi urtez izan da Euskadiko Txapelduna palan eta beste bi urtez jubeniletan, Bizkaiko Txapelduna be izan da beste bi urtez. Orain, 19 urte dauzkala, bere palmaresa animatzea espero dau, Emakume Master Cup 2017an, emakumeen esku pelotaren finalan irabaziz.