Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak herriko umeen artean irakurzaletasuna suspertu, euskara sustatu eta kreatibitatearen alde egiten dau Ipuin Lehiaketaren edizio barriagaz. Lehiaketan irudimena, sormena eta lanak aurkezteko modua hartuko dira kontutan. Ipuinak aurkezteko azken eguna apirilaren 24a izango da.

Herriko umeen partaidetza bermatzeko, Udalak kategoria ezberdinetan banandu dau lehiaketa, adinaren araberakoak, 7 urtetik 12ra bitartean. Horrela, lehen kategorian 2010.urtean jaiotakoek parte hartuko dabe, 2. eta 3. mailan, 2009 eta 2008an jaiotakoek, 4. mailan 2007an jaiotakoak eta 5. eta 6. mailan 2006 eta 2005.urtean jaiotakoek.

"Harro gagoz geure herriko neska-mutilen kreatibitateagaz, urtetik urtera horrela erakusten deuskue lehiaketa honetan aurkezten dabezen balio handiko lan literarioetan. Geure kulturara egiten dabeen ekarpena berau kontserbatzeko funtsezkoa da eta euskara eta kultur kreatibitatea sustatzeko tresna barriak sortzeko be", nabarmendu dau Gautegiz Arteagako alkateak, Juan Felix Naberanek.

Herriko Ipuin Lehiaketaren 23. edizioan parte hartu nahi dabeen 7 eta 12 urte bitarteko Gautegiz Arteagako neska mutilek, euren lanak aurkeztu ahal izango dabez apirilaren 24a bitartean, Aretxederreta Kultur Etxean, 17:00etatik 20:30etara,eta Montorre Eskolan.

Lehiaketan kreatibitatea, sormena eta aurkezteko modua hartuko dira kontutan, gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzeko asmoagaz eta euren kreatibitate gaitasuna piztuteko. Ipuinen gaia librea izango da eta euskaraz idatzitako testuak izan behar dira.

Kategoria ezberdinak dagoz, lehena, 7 urteko umeentzat, hauek asko jota orrialde bat, marrazkia barne aurkeztu beharko dabe. Kategoria honetan, ez da ordenagailuz idatziriko lanik onartuko. Bigarren eta hirugarren kategorian, 8 eta 9 urteko umeentzako, asko jota orrialde bi, marrazkia barne, aurkeztu beharko dabe. Laugarren mailan 10 urteko umeentzako, orrialde bi marrazkiarekin. Eta 5. eta 6.mailan, 11 eta 12 urte bitartekoentzat. Azken bi kategoria hauetan ordenagailuz ere egin ahal izango dira lanak.

Ipuinak gutunazal handi eta itxi batean aurkeztuko dira, horretan adina eta ipuinaren izenburua jarriko dira. Barruan, gutunazal txiki baten, ipuinaren izenburuarekin batera, egilearen datuak jarriko dira (izen abizenak, adina, helbidea eta telefonoa). Kategoria bakoitzeko irabazleari emango zaio saria eta parte-hartzaileentzako merendola egongo da.  Sari-banaketa datorren apirilak 28an arratsaldeko 17:00etan izango da Aretxederreta Kultur Etxean.