Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak herritarren parte-hartze prozesua jarriko dau martxan, herritarren beharrizanak eta planteamenduak batzeko asmoz, horrela herriko planeamendua gardentasunez eta adostasunez garatzeko.“Herritar guztiak modu aktiboan parte hartzera animatu gura doguz, izan nahi dogun herria diseinatzea jokoan dagoelako, guretzako eta geure seme-alabentzako gura dogun herria, hain zuzen be", azaldu dau Gautegiz Arteagako Alkateak, Juan Felix Naberanek. Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren Aurrerakinaren gaineko aurkezpen-hitzaldia datorren irailaren 21ean izango da, 19:00etan Kultur Etxean. 

"Gautegiz Arteagako Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra barriro diseinatzeko, berton bizi garenon beharrizanak ezagutu gura doguz, herriko garapena bizilagunen beharrizanen neurrikoa izan behar da eta. Hauxe da geure gobernuaren helburua eta berau lortzeko herritarren ekarpenak entzutea ezinbestekoa da. Horregatik, geure herriko hiri-garapena eta garapen fisikoa definitzeko ospatuko diren batzarretan parte-hartzera herritarrak gonbidatu eta animatu gura doguz", adierazi dau Juan Felix Naberanek, Gautegiz Arteagako Alkateak.

Datorren barikuan, irailaren 21ean, 19:00etan Aretxederreta Kultur Etxean izango da parte-hartze prozesuaren lehenengo batzarra. Prozesu honen bitartez, Udalak herritarren planteamenduak eta iritziak ezagutu gura dauz.  Gautegiz Arteagako etorkizunaren gainean herritarrek dauzkaten itxaropenak zintsotasunez islatzea da helburua.

Aurkezpen-hitzaldian partaidetza prozesuaren gainean informatuko da eta burutzen ari dan Gautegiz Arteagako Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren Aurreraikina aurkeztuko da. Batera lan egiten jarraitzeko hasierako dokumentua da hau. Erredaktore-taldeak HAPOren tramitazio-prozesua, bere edukia eta xedea edota aplikagarri zaion legedia aurkeztuko dauz, besteak beste. Horregatik da hain garrantzitsua lehen batzarratik parte hartzea.