Albisteak

Bardintasuna 

Gautegiz Arteagako Udala genero bardintasunaren defentsan, kontzientziazioan eta difusioan inplikatuta dago. Duen jarrera aktiboa doako jarduera egitarau baten gauzatu dau gai berezi hau landu eta sakontzeko asmoz. Hitzaldiek, gazteentzako bideo emonaldi batek, edota jabekuntza eta defentsa pertsonalaren tailerrek, hurrengo hilabeteetarako egitarau zabala osatzen dabe.

Gautegiz Arteagako Udalak, pertsona guztien eskubideak errespetatzearen,  genero estereotipoei aurre egin eta genero diskriminazio forma ezberdinen kontra egitearen ezinbestekotasunaren gainean herritarrak sentsibilizatzeko garrantziaz ohartuta, batez be herriko gazteak, bardintasunean sakontzeko jarduera egitaraua antolatu dau. Hurrengo hilabeteetan, Aretxederreta Kultur Etxean jarduera ezberdinak burutuko dira zazpi bariku ezberdinetan zehar, 17:30etatik 19:30etara. Jarduera guztiak doakoak izango dira eta jardunaldiak irauten dabeen bitartean, ludoteka zerbitzua eskeiniko da. 

Egitaraua datorren barikuan hasiko da, azaroaren 20an, eta azaroaren 27an izango dau jarraipena. "El empleo de las mujeres: Eliminando las discriminaciones de género en el mercado de trabajo/Potenciando su iniciativa emprendedora" izenburuko hitzaldia eskeiniko da. Hurrengo aspektu hauek landuko dira: emakumeek izaten dituzten zailtasun eta oztopoak enpleguan eta autoenpleguan analizatzea, hauei kritika egin eta erantzun bat bilatzea eta informazio egokia trasmititzea kontratazio zein autoenplegu esparruetan.
Abenduaren 4 eta 11an, biak barikuak,  "Autodefentsa tailerra" eskeiniko da eta bertan parte-hartzaileek erasoei aurre egiteko funtsezko teknikak ikasiko dabez. 

Abenduaren 18an, barikua, "Te quiero más pero no que a mi vida" jarduera eskeiniko da eta "Hechos son amores" laburmetraia ikusteko aukera egongo da. 14 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago jarduera hau, emakume eta gizonen arteko bardintasunaren gainean nerabeak sentsibilizatzeak duen garrantzia kontutan hartuta.

Bardintasun egitaraua zarratzeko, urtarrilaren 15 eta 22an, "Jabekuntza tailerra" eskeiniko da, "Creando una actitud positiva hacia el conocimiento personal" titulupean. Emakumeen jabekuntza sustatzea da helburua, hauek euren bizitzaren agintea hartzeko eta bakoitzaren autonomia lantzeko, norberaren burua zaindu eta ongizate pertsonala lortzeko.

Gautegiz Arteagako Udalak bardintasun egitarauan parte hartzera eta gizabanakoaren eskubideak  eta besteenganako errespetoa bermatzeko erantzukizun kolektiboa defendatzeko agente aktiboak izatera animatzen dauz herritarrak.