Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak antxinako Argazki lehiaketa jarri dau martxan argazkirik onenak hautatzeko Gautegiz Arteaga 2018ko egutegirako.  Gai librea da eta argazkiak 1965. urtearen aurretik ateratako argazkiak izan behar dira. Argazkiak aurkezteko epea azaroaren 10ararte dago zabalik.

"Herritarren laguntzari esker, herriko memoria historikoa berreskuratzeko burutu dogun lanaren ildoa jarraituaz, eta geure iragana balorean jartzeko lana sendotzeko asmoz, herriko urteko egutegia Gautegiz Arteaga eta bertako bizilagunon oroitzapenez ilustratu gura dogu. Iragana kontutan hartzea garrantzitsua da etorkizunera begiratzeko”, nabarmendu dau Gautegiz Arteagako Alkateak, Juan Felix Naberanek.

Lehiakide bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango dauz, argitaratubakoak, eta argazkiak Gautegiz Arteagan egindakoak izan beharko dira 1965. urtearen aurretik ateratakoak. 

Argazkiak horrela aurkeztu beharko dira: formatu elektronikoa (aurretik eskaneatuta), 25 zentimetro minimo izan beharko dabe argazkiek eta 300 ppp-ko erresoluzioa. Argazki originalak be aurkeztu ahal dira, paperean. Hauek lehiaketa bukatu ondoren berreskuratu ahal izango dira. Gainera, aurkeztutako argazkiak originalak eta inon argitaratu gabekoak izan behar dira, aldizkarietan, egunkarietan, liburuetan edo online. 

Parte hartu nahi dabenek euren argazkiak bidli beharko dute azaroaren 10ko eguerdiko 12:00ak baino lehen, honako emailera: udala.gautegiz@bizkaia.org, edota posta arruntaz edo zuzenean udaletxean: Herriko Enparantza, 1, Gautegiz Arteaga, 48314 helbidera bidaliz

Iragana etorkizuna ilustratuz

Gautegiz Arteagako Udalak urtaro banantzen dau herritarren artean herriko egutegia eta hurrengoa, 2018koa, iraganara begiratuko dau udalak antolatutako Argazki lehiaketan aukeratutako argazkiak agertuz.

Epai-mahaia horrela egongo da osatuta: udalaren ordezkariak, egutegia egingo dauen publizitate agentziaren ordezkariak, Gautegiz Arteagan erroldatutako bi pertsona. Argazki guztien artean 12 argazki aukeratuko dira, urteko hilabete bakoitza ilustratzeko. Sarien artean, irabazleak 60€ irabaziko dau, bigarren sailkatuak 50€ eta hirugarrenak 40€.

Gainontzeko 9ek 30€ jasoko dabe. Partehartzaile guztiek sari banaketa egunean burutuko den lunch-an parte hartuko dabe, abenduaren 22an (19:00h.).

Kartela ikusi (PDF 347KB)

Oinarriak ikusi (PDF 285KB)