Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak herriko umeen artean irakurzaletasuna suspertu, euskara sustatu eta kreatibitatearen alde egiten dau Ipuin Lehiaketaren edizio barriagaz. Lehiaketan irudimena, sormena eta lanak aurkezteko modua hartzen dira kontutan. Ipuinak aurkezteko azken eguna martxoaren 21a izango da.

Herriko umeen partaidetza bermatzeko, Udalak hiru kategoriatan banandu dau lehiaketa, adinaren araberakoak, 6 urtetik 12ra bitartean. Horrela, 6-7 urte bitarteko umeentzat kategoria bat egongo da, bigarren bat 8-9 urte bitartekoentzat eta hirugarren kategoria bat 10-12 urte bitarteko umeentzat.

"Udaletxetik geure bizilagun gazteei irudimenagaz jolasean aritzeko gonbidapena luzatzen deutsegu, istoriak sortzeagaz eta euskaraz idatzi eta irakurtzeagaz gozatzeko. Euren ekarpenak ezinbestekoak dira geure kultura mantentzeko eta berau eusteko zimenduak eraikitzeko", adierazi dau Gautegiz Arteagako Alkateak, Juan Felix Naberan-ek.

Herriko Ipuin Lehiaketaren 19. edizioan parte hartu nahi dabeen 6 eta 12 urte bitarteko Gautegiz Arteagako neska mutilek, euren lanak aurkeztu ahal izango dabez martxoak 21a bitartean, Aretxederreta Kultur Etxean, 17:00etatik 20:30etara,eta Montorre Eskolan.

Lehiaketan kreatibitatea, sormena eta aurkezteko modua hartuko dira kontutan, gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzeko asmoagaz eta euren kreatibitate gaitasuna piztuteko. Ipuinen gaia librea izango da eta euskaraz idatzitako testuak izan behar dira.

Kategoria ezberdinak dagoz, lehena, 6 eta 7 urteko umeentzat, hauek asko jota orrialde bat, marrazkia barne aurkeztu beharko dabe. Kategoria honetan, ez da ordenagailuz idatziriko lanik onartuko. Bigarren kategorian, 8 eta 9 urteko umeentzako, asko jota orrialde bi, marrazkia barne, aurkeztu beharko dabe. Eta hirugarren kategoria bat 10 eta 12 urte bitarteko umeentzako, orrialde bi marrazkiarekin. Azken bi kategoria hauetan ordenagailuz ere egin ahal izango dira lanak.

Ipuinak gutunazal handi eta itxi batean aurkeztuko dira, horretan adina eta ipuinaren izenburua jarriko dira. Barruan, gutunazal txiki baten, ipuinaren izenburuarekin batera, egilearen datuak jarriko dira (izen abizenak, adina, helbidea eta telefonoa). Kategoria bakoitzeko irabazleari emango zaio saria eta parte-hartzaileentzako merendola egongo da.  Sari-banaketa datorren apirilak 8an arratsaldeko 17:00etan izango da Aretxederreta Kultur Etxean.