Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak herriko neska-mutilen artean irakurzaletasuna, euskara eta sormena sustatuko dauz ipuin lehiaketagaz. Lehiaketa honek irudimena, sormena eta ipuinen aurkezpena kontutan hartuko dauz. Ipuinak aurkezteko azken eguna martxoaren 23ª izango da. 

7 eta 12 urte bitarteko herriko neska-mutilek parte hartu ahal dabe lehiaketan. Parte-hartzaileek ipuin originalak aurkeztu behar dabez eta euskaraz. Aurkezteko epea martxoaren 23an bukatuko da, Aretxederreta Kultur Etxean, 17:00etatik 20:30etara, edota Montorre Eskolan.

"Irudimena askatu, istoriak sortzeagaz gozatu eta euskaraz irakurri eta idazteagaz gozatzeko gonbidapena egiten deutsague geure herritar gazteei. Geure kulturara egiten dabeen ekarpena berau kontserbatzeko funtsezkoa da.”, nabarmendu dau Gautegiz Arteagako Alkateak, Juan Felix Naberanek.

Lehiaketan kreatibitatea, sormena eta aurkezteko modua hartuko dira kontutan, gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzeko asmoagaz eta euren kreatibitate gaitasuna piztuteko. Ipuinen gaia librea izango da eta euskaraz idatzitako testuak izan behar dira.

Herriko umeen partaidetza bermatzeko, Udalak kategoria ezberdinetan banandu dau lehiaketa, adinaren araberakoak: 7 urtetik 12ra bitartean. Horrela, lehen kategorian, 7 eta 8 urte bitarteko umeak izango da (2010-2011an jaiotakoak). Hauek asko jota orrialde bat, marrazkia barne aurkeztu beharko dabe. Bigarren kategorian, 9 eta 10 urte bitarteko neska-mutilek parte hartuko dabe (2008-2009.an jaiotakoak). Hauek asko jota orrialde bi, marrazkia barne, aurkeztu beharko dabe. Eta hirugarren kategorian, 11 eta 12 urte bitartekoek parte hartuko dabe (2006-2007.urtean jaiotakoak). Hauek orrialde bi edo gehiago eta marrazkia aurkeztu beharko dabe. Azken kategoria honetan ordenagailuz be egin ahal izango dira lanak.

Ipuinak gutunazal handi eta itxi batean aurkeztuko dira, horretan adina eta ipuinaren izenburua jarriko dira. Barruan, gutunazal txiki baten, ipuinaren izenburuarekin batera, egilearen datuak jarriko dira (izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa). Kategoria bakoitzeko irabazleari emango jako saria eta parte-hartzaileentzako merendola egongo da.

Sari-banaketa datorren apirilak 13an arratsaldeko 17:00etan izango da Aretxederreta Kultur Etxean.