Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak argazki lehiaketa jarri dau martxan aurten be, 2021eko udal egutegian irudiztatuko dabezen argazki onenak aukeratzeko. Aukeratutako gaia "Artia" da, hau da, udalerriagaz, paisaiagaz, kirolagaz, baserriagaz, arteagaz, eraikinekaz... zerikusia daukon guztia. Argazkiak aurkezteko epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik eta 12 argazki finalista aukeratuko dira 2021eko udal egutegiko hilabete bakoitza ilustratzeko.

 

Aurten be Gautegiz Arteagako Udalak herritarrak animatu gura dauz argazki kamera edo mugikorra eskuan, urteroko lehiaketa honetan parte hartzera anima daitezen. Adin guztientzako ekimena da, sormena sustatzeko eta familian edo lagunekaz gozatzeko. "Bizitzea egokitzen ari jakun garai berezi honetan, kontuz eta arduraz jokatu behar dogu. Gizarte eta aisialdi jarduera asko mugatuta dagoz, baina argazki lehiaketa hau aire zabalean egin daiteke eta gainera, bere gaiagatik, "Artia" k aukera ugari daukoz. Aitzakia ona da etxetik irten eta herria irudikatzen dauen irudi bat bilatzeko eta, aldi berean, bertako txoko berezienak ezagutzeko. Adingabeek be parte har daikeez, baimena emonda, eta, beraz, familian edo lagunekaz "jolasteko" ekimen interesgarria eta dibertigarria da", nabarmendu dau Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak.

 

Parte-hartzaile bakoitzak argitaratu bako hiru argazki aurkeztu ahal izango dauz gehienez, Gautegiz Arteagan egindakoak. Argazkiak formatu elektronikoan edo formatu fisiko/paperean aurkeztu ahal izango dira, eta jabeek lehiaketa amaitutakoan berreskuratu ahal izango dabez. Gainera, aurkeztutako lanak ezin dira aldez aurretik aldizkari, egunkari edo liburu inprimatuetan edo online argitaratu. Interesatuek azaroaren 30era arte, 12:00etan, bidali daikez argazkiak helbide honetara: udala.gautegiz@bizkaia.org edo posta arruntez edo aurrez aurre: Herriko Enparantza 1, Gautegiz Arteaga, PK, 48.314. Argazkietan pertsonak identifikatu badaitezke, egileak haien baimena izan beharko dau.

Aurkezten diren irudi guztien artean 12 argazki finalista aukeratuko dira udal egutegiko hilabete bakoitza ilustratzeko. Irabazleek lehiaketagaz zerikusia daukon opari bat jasoko dabe eta erakusketa bat be egingo da. Egutegia abenduaren 18an aurkeztuko da.