Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak Gabon bezperan aurkeztu eban Gautegiz Arteagako  2018ko egutegia. Herriko memoria historikoa berreskuratzeko estrategiaren barne, aukeratutako argazkiak antxinako argazkien lehiaketakoak dira (1960 urtearen aurrekoak) eta artxibokoak. 

"Geure udal gobernuaren helburuetariko bat geure kultura bizitzea da, geure nortasuna aldarrikatzea eta herriko memoria historikoa berreskuratzea. Honen kasu, editatu genduan "Gautegiz Arteaga 1936 – 1945 Giza Eskubideen zapalketa  eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko garaian” liburu monografikoa.  Urteko egutegia geure herriko eta geure historiako balioak berreskuratzeko beste tresna bat da. 2018ko egutegiagaz, hurrengo 12 hilabeteetan, ikerketa lan handiari esker eta herritarren kolaborazioari esker, Gautegiz Arteaga antxinan izan zanaren oroipenetaz gozatuko dogu. Geure iragana gaur kontutan izateko modu polita dala uste dogu”, nabarmendu dau Gautegiz Arteagako Alkateak, Juan Felix Naberanek.

Gautegiz Arteagako Udalak urtero banatzen dau herritarren artean herriko egutegia. Datorren urtean, udalak antolatutako antxinako argazkien lehiaketan aukeratutako irudiek eta artxiboko beste argazki adierasgarri batzuk hornituko dabe 2018ko egutegia. 
 
Abenduaren 22an aurkeztu zan Kultur Etxean 2018ko egutegia eta ondoren, zapatutik aurrera, Gautegiz Arteagako etxe guztietan banatu da. Egutegiak XX mende hasierako Gautegiz Arteagako paisaia erakusten dau, antxinako argazkien lehiaketan parte hartutako argazkiez eta artxibiko irudiz hornituta, hauetariko batzuk Indalecio Ojangurenak. Egutegiaren ikuspegi historikoa kontutan izanda, argazkiak zuri-beltzean agertzen dira, jatorrizko formatua errespetatuz. Argazkien artean zenbait bitxikeri agertzen dira. Besteak beste, herriko frontoiaren inagurazinoa 1950. urtean, argazki honek irabazi dau lehiaketa.  Beste argazki bat Errepublika garaian ataratako bat da. Honek Gautegiz Arteagako bide nagusia erakusten dau, meza irteera ikusten da eta Elantxobeko arrain saltzaileak be agertzen dira. (Atxikitutako argazkia)