Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak oraintxu esleitu dau herriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren erredakzioa Erdu-Estudio de Renovación y Desarrollos Urbanos, S.L enpresari, 157.179€tan, BEZ barne.  Kontratazio mahaiak eskaintza hau bere osotasunean onuragarriena lez aukeratu dau.

"Herritarrok geure herriaren gainean esateke eta erabakitzeke daukaguna entzun eta Plan Orokorrean gauzatzeko lan talde profesional on bat, ezinbestekoa da etorkizuneko Gautegiz Arteagaren diseinua planteatzeko. Azpiegiturak, etxebizitzak, gune berdeak edota herriko diseinua planifikatzeko orduan, beti be bizi kalitate mailan aurrera egiteko asmoz, herritarron beharrizanei lehentasuna emotea da gere helburua. Herri bezala nora jo gura dogun planteatzeko ordua da, nola gura dogun hazi. Antolamenduko planteamendu on bat izateko ezinbestekoa da guztion partaidetza", azaltzen dau Gautegiz Arteagako Alkateak, Juan Felix Naberanek. 

Gautegiz Arteagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra egiteko erredakzio eta aholkularitza zerbitzuaren kontratazioa prozedura irekiaren bitartez egin da. Horretarako, Kontratazio Mahaiak aurkeztutako proposamenak baloratu dauz. Gautegiz Arteagako HAPOaren adituen batzordeak, besteak beste, eskaintzaileek gehitutako hobekuntzak, memoria diagnostikoa, proposamen metodologikoa eta Udalarentzat lehentasuna diren herritarren partaidetza mekanismoak hartu dauz kontutan. 

Herritarren partaidetza ezinbestekoa da prozesu guztian, horregatik, erredakzio taldea kontratatzeko orduan, landutako dokumentazioa herritarrei modu ulergarrian azaltzeko sesio informatiboak burutzea hartu da kontutan. Herritarrak ezinbestekoak dira Gautegiz Arteagako HAPOren erredakzioan, eta hauek ondo ulertzea eta ezagupenez parte hartzea garrantzitsua da.

Gautegiz Arteagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) erredakzioa, gaur egungo arau subsidiarioen ordez, koordinatutako prozesu bat lez planteatzen da eta bertan Udalbatzak herritarren planteamenduak kontutan hartuko dauz. Guztira, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren erredakzioak zazpi fase aurreikusten dira, behin betiko aprobaziorarte.