Albisteak

 

Urtarrileko azken Osoko Bilkuran, Gautegiz Arteagako Udalak aho batez onartu dau 2019rako aurrekontua 933.207,21€tan. Hiri planeamendua, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren fase barria eginez, Zelaieta kaleko (erdigunea) irisgarritasuna hobetzea eta jarduera kulturalak eta kirolekoak dira aurton egingo diran ekintzetako batzuk. Guztira, 164.217,03 €tako inbertsio erreala dago aurreikusita, herritarren ongizatea hobetzearei zuzenduta.

Gautegiz Arteagako Gobernu Taldeko helburua herria dinamizatzeari eta herritarren ongizateari laguntzea da.  Horretarako, 2019ko aurrekontua onartu dau, guztira 933.207,21€. Honek, iazkoagaz alderatuta %9,21eko igoera suposatzen dau. Herriko irisgarritasuna hobetzea da udal arduradunen helburu nagusi bat. “Legegintzaldi guztian zehar irisgarritasuna hobetzea etenbako helburua izan da eta aurtongo aurrekontuetan diru-partida garrantzitsu bat emongo dogu horretarako. Zelaieta kaleko espaloia hobetzeko lanetan 50.000€ inbertituko doguz, herriko kale nagusia da hau”, nabarmendu dau Gautegiz Arteagako Alkateak, Juan Felix Naberanek.

Zerbitzu garrantzitsuak mantentzeak, gizarte zerbitzuak, uraren hornikuntza eta saneamendua eta hondakinen bilketa eta kudeaketa 113.000€tako diru-partida suposatzen dau. Hauxe, herritarren ongizaterako ezinbestekoa da. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) egokitzapen prozesuari zuzendutako inbertsioa be nabarmena da. Hiri planeamendurako 62.800€tako partida aurreikusi da. Gautegiz Arteagako herritarren gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanetara egokitutako herria izateko lan egiten dau Udalak eta horretarrako hauen partaidetza beharrezkoa da. Bideen garbiketa (12.000€), herriko dinamizazio sozio-kulturala kirol jardueren bitartez (24.000€), kulturaren sustapena (23.500€), Kultur Etxeko zerbitzua (15.424€) eta haurrentzako udalekuak-negulekuak (17.100€) 2019an emango eta mantenduko diran zerbitzuetako batzuk dira. “Herria bizirik egotea, herritarren artean harremanak sendotzea eta euren inplikazioa lortzea gobernu taldeko helburuak diralako”, adierazi dau Juan Félix Naberanek, Gautegiz Arteagako Alkateak.

Herritarrei kultur eta kirol zerbitzu osagarriak eskura izatea errazteko, herrikoak ez diren instalazioak edota udal zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko gehigarria ordaintzeko diru-laguntzen partida (13.100€) mantenduko dau Udalak. Honen kasu: kirol jarduerak (kiroldegi publikoak), euskara ikastea, musika eskola publikoa eta udal haurreskola. Merkataritza txikiari laguntzeko 4000€ erabiliko dira be.

Udal aurrekontuan herriko kirol eta kultur elkarteentzako diru-laguntzen partidagaz, herriko dinamizazio sozio-kulturalaren alde egiten da. Horretarako, 8000€ zenbatekoa zuzenduko da Herriko Elkarteentzako. Gainera, 6000 €tako diru-laguntza aurreikusi da Kanalako Gizartea Etxerako, 2000€ mantenimendurako eta jardueretarako eta 4000€ aurton burutuko daben kontserbazio lanatarako. Azkenik, Kanalako Jai Batzordeari de 2.900€tako diru-laguntza zuzena emon jako, Kanalako jaiak antolatzeko.