Albisteak

 

Martxoan burututako azken Osoko Bilkuran, Gautegiz Arteagako Udalak behin betiko onartu dau 2018rako aurrekontua 847.206.02€tan. Aurtongo planteamendu ekonomikoa inbertsio errealen aurreikuspenean oinarritzen da, herriko oraina eta etorkizunerako. Hauen barne, irisgarritasuna hobetzeko lanak edota Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren elaborazioa. Bizi kalitatea hobetzearen alde egitea funtsezkoa da udalarentzat, baita dinamizazio sozio-kulturala be, honen adibide, frontoian egingo diren hobetze lanak edota herriko elkarteentzako diru-laguntzen partida.

Herria ekonomikomi edo sozialki dinamizatzearen alde egitea da helburua. Horretarako, 2018rako aurrekontua 847.206,02€tan onartu da. Zenbateko hau 1.258.766,88€tararte gehitzea aurreikusten da diru-laguntzen kudeaketaren bitartez. Aurtongo plateamendu ekonomikoa zerbitzuak mantendu eta egiturazko inbertsio barriak egitean oinarritzen da. Honeek, Gautegiz Arteagako bizi kalitatea hobetu eta herritarren ongizatea gehitzearen alde egiten dabe. "Apurka-apurka inbertsio garrantzitsuak egiten doguz herrian, herritarrok Gautegiz Arteagan hobeto bizi ahal izateko. Hauxe lehentasuna da geure gobernu taldearentzat. Horregatik, geure planteamendu ekonomikoa benetazko beharrizanak kontutan hartzeari dago zuzenduta. Hoien artean, Zelaieta kaleko espaloien irisgarritasuna hobetzeko lanak. Gaur beharrezkoak diren hobekuntzetan inbertitzen dogu baina bihark egunari begira”,  nabarmendu dau Gautegiz Arteagako alkateak, Juan Felix Naberanek.

2018rako aurrekontuetan inbertsioetako partida hasieran 83.653,70€koa da. Zenbateko hau diru-laguntzen kudeaketaren bitartez gehitu ahal da, 458.844,56€tararte aurreikuspenen arabera. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) egokitze prozesuari zuzenduta dago inbertsio nagusietako bat. Horretarako, 47.153,70€ko partida aurreikusi da. Herria Gautegiz Arteagako herritarren gaur egungo eta etorkizuneko beharrizanetara egokitzea da helburua. Lan hau burutzeko herritarren partaidetza hartuko da kontutan. 
Herritarren bizimodua erraztu eta herriko zerbitzuak hobetzeko inbertsioak be egingo dira. Proiektu nagusienen artean, 153.709,33€ko inbertsioa aurreikusten da Zelaieta kaleko irisgarritasun lanak burutzeko. Udal aurrekontuan 10.000€ko partida dago horretarako, diru-laguntzen kudeaketaren bitartez gehitzeko. 2018rako beste inbertsio garrantzitsuen artean mediku kontsultarako sarbideen egokitze lanak dagoz (36.348,40€),, irisgarritasuna hobetzeko, eta herriko bideen zoladura hobetzea  (6000€ inbertsio erreala). Aurton burutuko diren beste proiektu nabarmenen artean, herriko frontoiaren hobekuntza dago, 46.130€ko aurrekontuagaz. Gainera, skate pista bat egingo da, 16.308,67€ inbertsio errealagaz, 20.000€rarte gehitu ahal da hau diru-laguntzen bitartez.  Bestelako inbertsioak hauexek dira: kanpoko komun publikoak egitea herrian, bideak hormigoitu, kale argien instalazio elektrikoak egokitu (2.fasea) edota Montorre Udal Eskolako berokuntza eta leihoak barriztu, besteak beste. 

Inbertsio kapitutik kanpo, udal gobernuko lehentasuna herriko familiei emoteko laguntzak dira. Horretarako, Udalak familiei emondako laguntza ekonomikoa mantentzen dau. Horretarako zenbatekoa 9000€koa da. 
Herriko dinamizazio sozio-kulturalaren alde egiten dabeen kirol eta kultur elkarteei zuzendutako diru-laguntzen partidari dagokionez, honakoak aurreikusten dira:  Kanalako Gizarte Etxeari  (2000€), Bertsolaritza Elkarteari (1800€), Kanalako Jai Batzordeari (2000€) eta Herriko elkarteei (8000€). Herritar guztiei kalitatezko kultur zerbitzuak eskeintzeko, Santanape Kiroldegia bezalako Gernika-Lumoko instalazioak edota zerbitzuak ordaindu beharreko gehigarria ordaintzeko diru-laguntzak mantenduko dauz Gautegiz Arteagako Udalak.