Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak ume eta gazteei zuzendutako udalekuetan izena emateko epea zabaldu du. Ekintzak, Urremendi elkartearekin lankidetzan, uztailean zehar eskainiko dira, eta inskripzioak Kultur Etxean egin beharko dira ekainaren 24a baino lehen.

Aurten, udalekuek adin ezberdinei zuzendutako bi modalitate izango dituzte: Udatxiki programa, 3 eta 8 urte bitarteko umeei zuzenduta, eta Udagazte programa, 9 eta 15 urte bitarteko gaztetxoentzat zuzenduta dagoena. Antolatutako ekintzak goizeko ordutegian burutuko dira: 10:00etatik 14:00etara.
 
Udatxiki modalitateak txanda bakarra izango du, uztailaren 5etik 15era. Lehenengo astean herriko txikiek Bilboko itsasadarrean zehar ibiliko dira itsasontzi batean, eta azkenengo astean, Kortezubin dagoen Basondo fauna babeslekua bisitatuko dute.

Udatxiki programaren prezioak familia erroldatuentzat hurrengoak dira: seme-alaba bakarrak izena ematen badu, prezioa 50 eurokoa izango da. Bi seme-alaba apuntatzen badira, ume bakoitzak 40 euro ordainduko ditu eta hiru seme-alabak parte hartzen badute, bakoitzarentzako prezioa 20 eurokoa izango da. Ez erroldatuek 80, 55 eta 25 euro ordaindu beharko dituzte, hurrenez hurren.

Udagaztek, berriz, hiru txanda izango ditu. Lehenengo txanda, ingelesez burutuko da uztailaren 4tik 15era, eta parte hartzaileek Laidako hondartza, San Pedro de Atxarre eta Ereñozarreko San Migel bisitatuko dituzte. Bigarren txanda Kortezubin izango den argazkilaritza tailerra izango da, uztailaren 18tik 22ra. Azkenik, hirugarren txandarako Ozeania kultura ezagutzeko tailerra antolatu da, uztailaren 26tik 30era.

Udagazte programan, prezioa aukeratutako txandaren araberakoa izango da. Uztailaren 4tik 15erarteko hamabostaldian, familia erroldatuentzako prezioa 70 eurokoa izango da gazte bakarra inskribitzen badute. Udalekuetan familiako bi gaztek parte hartzen badute, bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu eta hiruk parte hartzen badute, bakoitzarentzako prezioa 50 eurokoa izango da. Ez erroldatuentzako prezioa 95, 80 eta 65 eurokoa izango da, hurrenez hurren.

Familia erroldatuentzat argazkilaritza tailerraren prezioa 40 eurokoa izango da ume bakarrarentzako, 34 eurokoa bi umek parte hartzen badute eta 28 eurokoa hiru gazte apuntatzen badira. Ez erroldatuentzako prezioa 65, 55 eta 45 eurokoa izango da, hurrenez hurren.

Ozeania tailerra, ordea, dohainik izango da bai familia erroldatuentzat baita ez erroldatuentzat ere.

Interesatuek ekainaren 24a arte izango dute izena emateko epea, herriko Kultur Etxean. Informazio batzarra antolatu da bertan ekainaren 17an, arratsaldeko 19:00etan, egon litezkeen zalantzat argitzeko asmoz. Informazio gehiago nahi ezkero, 94 627 15 63 telefonora deitzeko aukera dago, 17:00etatik 20:30etara.