Albisteak

 

Gautegiz Arteagako Udalak "Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor" kontzertu zikloetan kolaboratzen dau eta herritar eta musikazale guztiak gonbidatzen dauz datorren zapatuan, uztailaren 20an, herriko Andra Mari Eleizan eskeiniko dan kontzertura. Bertan, Cristina Bayón sopranoa eta Alfonso Sáez organojolea entzuteko aukera izango da.

"Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor" kontzertuak urtero ospatzen dira eta Gautegiz Arteagako Udalak herriko ondare musikala berreskuratu, kontserbatu eta balioan jartzea sustatzen dau. 2019ko edizino honetan Gautegiz Arteaga datorren uztailaren 20an izango da protagonista. Zapatu horretan, 20:00etatik aurrera, Cristina Bayón sopranoa eta Alfonso Sáez organojolearen ekitaldia eskeiniko da. 

Cristina Bayón esperientzia handiko profesionala da. Sevillan jaiotakoa eta Sevillako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Kantuan lizentziatua da, Ohorezko Aipamenagaz; Alemanian egin dauz graduondoko ikastaro ezberdinak: Kantu-historikoa, ganbera-musika, hobekuntza…

Alfonso Saénz Musikaren Historia eta Zientzian lizentziatua da Salamankan, Hezkuntza musikalaren irakaslea da eta gaur egun Murtziako Musika Kontserbatorio profesionalean organo irakaslea da. Organojole honek Gautegiz Arteagako Eleiz Nagusiaren organoa joko dau publikoaren gozamenerako, 130 urteko ondare altxor apartekoa. Organo honek munduan bakarra dan egitura instrumentala dauko ta alboz jotzen da.