Albisteak

 

Uztailaren 3an, igandea, Kanalako Gizarte Etxean "Los tremendos de Kanala" erakusketaren inaugurazioa ospatuko da. Erakusketa izen berdina daraman Juan de Irigoyen Guerricabeitia idazlearen liburuaren argitalpenaren 80. urteurrena dela eta antolatua izan da. Inaugurazioa eguerdiko 12:00etan izango da.

Erakusketan ikusgai egongo dira Ignacio Ipiña margolari bilbotarraren 13 margolan, antzinako mapak, edizio desberdinetako azalak eta liburua argitaratu zen urteko (1936) egunkari-zatiak.

Liburuarekin harremana duten margolanak, liburutik ateratako eta euskaratutako testu zatiekin lagunduta egongo dira ikusgai.

Bizkaiko antzinako mapak Foru Liburutegiak emandakoak dira. Azalak liburuaren edizio desberdinetakoak dira; liburua lehen aldiz Bilbon argitaratu zuen 1936an Gráficas Grijelmok, 1500 aleko tiradan.1958an Editorial Vizcainak argitaratu zuen berriz ere, eta 1993an Ediciones Mariachik.

Bestalde, 1936. urtean liburuaren berri ematen duten egunkari-zatiak ikusteko aukera izango dute bisitariek, baita Kanalako antzinako argazkiak ere.

Erakusketa Ipiña margolariaren semea den Mikel Ipiñak eta Anton Gandariasek antolatu dute, eta uztailaren 31ra arte ikusgai egongo da Kanalako Gizarte Etxean. Erakusketak sortutako interesa eta arrakastaren arabera Busturialdeko beste herrietan antolatzeko aukera planteatuko dute arduradunek.

"Los tremendos de Kanala", Juan de Irigoyen Guerricabeitiak 1936ko uztailaren 8an argitaratutako ohitura-nobela da; nobela honek egungo garapen urbanistikotik kanpo dagoen Bizkaiko kostaldea erakusten digu. Liburuak Mortero, Mastranga eta Muskullu itsasgizonen abenturak kontatzen dizkigu, Cuba eta Filipinasen itsaslapurreta egin eta etxera itzuli ondoren. Bertan, Don Nicolás de Arrotegui eta Gaztañaga, "El Diablo bizkaino"ren aginduan nabigatu zuten.